XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guzti horien artean, nahiz lagungiroaren bila ibili, salatari izan daitekeena somatzen denbora luzea eman duzunean, Cottardek eman duen bezala, ulertu ahal daiteke sentipen hori.

Oso ondo molda daiteke izurritea, egun batetik bestera, eskua bizkar gainean jar diezazukela eta agian, oso eta sendo egoteagatik alaitzen zaren momentuan, horretarako prestatzen ari dela gogoan duen jendearekin.

Nolabait, eroso dago hura terrorean.

Baina guzti hori haiek baino lehen sentitu duenez, ez dut uste haiekin batera erabat senti lezakeenik jakineza honen ankerkeria.

Azken batean, gurekin batera, izurripean oraindik hil ez garenokin batera, benetan somatzen du hark ere bere askatasuna eta bere bizia suntsitzeko zorian daudela egunero.

Baina bera ere terrorean bizi izan denez gero, naturala iruditzen zaio besteak ere txanda heltzerakoan ezagutzea.

Zehazkiago esateko, terrorea arinago jasaten du orain bakar bakarrik zegoenean baino.

Horretan dabil oker hain zuzen ere eta horregatik zailagoa da hari ulertzea besteei baino.

Edozein aldetara, horregatik merezi du besteek baino gehiago ulertzen saiatzea.

Azkenik, Tarrouren orrialdeak aldi berean Cottardi eta izurriak jotakoei zegokien kontzientzi berezi hura ilustratzen duen kontakizun batekin amaitzen dira.

Kontakizun honek garai hartako giroa adierazten du gutxi gora behera eta horregatik eman dio narratzaileak garrantzia.

Udal Operara joan ziren, bertan Orfeo eta Euridice jartzen zutelarik.

Cottardek gonbidatu zuen Tarrou.

Izurritearen udaberrian etorritako taldea zen, gure hirian hainbat emanaldi eskaintzera.

Eritasuna zela eta irten ezinik, behartuta egon zen taldea, gure Operarekin akordio batera heldu ondoren, astean behin beren emanaldia eskaintzera.

Hala, hilabeteak joan hilabeteak etorri, gure udal antzokia dardarrean jartzen zen Orfeoren aiene melodiotsuekin eta Eurideceren dei ahalgabeekin.

Hala ere, begi onez ikusten jarraitzen zuen publikoak ikuskizun hura eta sarrera handiak izaten zituen beti.

Eserlekurik garestienetan jarririk, Cottardek eta Tarrouk gure hiritar dotoreenez lehertzeko zorian zegoen parterre bat menderatzen zuten.

Heltzen ari zirenak nabarmen saiatzen ziren beren sarrera agirian gera zedin.

Aretoko argi itsukorraren pean, musikariek beren tresnak zuhurki afinatzen zituzten bitartean, zehazki nabarmentzen ziren siluetak, lerrokada batetik bestera pasatzen ziren, xarmaz makurtzen.